XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta gauzatzeak zoritxarra ekarri zidan.

Baina jakina, hori ez nekien orduan.

Zertaz ari haiz pentsatzen, Jack?, esan zidan Budek.

Pentsatzen, besterik gabe, esan nuen.

Irribarre egin nion.

Zertaz?, esan zuen Ollak.

Ostera irribarre egin eta burua astindu nuen.

Gau hartan Bud eta Ollarenetik etxera iritsi ondoren, maindire azpian egon ginenean, Franek esan zuen, Laztana, bete nazazu zure haziaz!

Hura esan zuenean hitzak behatzetaraino iritsi zitzaizkidan, eta oihu eginez askatu egin nintzen.

Gero, gauzak aldatu zitzaizkigunean, haurra etorri zenean eta guzti hura, Franek Buden etxean emandako arratsa gogoratzen zuen aldaketaren hasiera bezala.

Baina oker dago.

Aldaketa gero etorri zen; eta etorri zenean, beste norbaiti gertatu izan balitzaio bezala izan zen, ez guri gerta zekigukeen ezer.

Madarikatuak bitez jende hura eta haien haur itsusia, esan ohi du Franek, itxuraz arrazoirik gabe, gauean telebista ikusten ari garenean.

Eta hegazti kirastun hura, esaten du.

Jainkoa, zertarako behar dira horiek?, esan ohi du Franek.

Sarri esaten ditu horrelakoak, nahiz eta harrez geroztik Bud edo Olla gehiago ikusi ez.

Franek ez du esnetegian lan egiten, eta orain dela aspaldi moztu zuen ilea.

Gizendu ere egin zait.

Ez dugu horretaz hitz egiten.

Zertarako?

Bud ikusten segitzen dut lantegian.

Elkarren ondoan lan egiten dugu eta elkarren ondoan jaten dugu ogitartekoa.

Galdetzen badiot, Olla eta Harolden berri ematen dit.

Ez dit Joey gehiago aipatzen.